Hitzak: Iñaki Beristain
Doinua: Espiritual beltza
Harmonia: Pello Zabala


Jauna, ez nekien Zu nor zinen,
ez nor zinen, ez bazinenik;
ni baina zure bila nenbilen,
ez nuen inon atsedenik.

Bidertzeko itsu hura nintzen,
zorion-apurren eskale;  
nire ondotik igaro zinen,
ogi beroaren emale.

Nire gauak oihu egin zizun,
dena ilun, dena oztopo;
Zuk argiz besarkatu ninduzun,
Zurekin egin nuen topo.

Orain badakit nor zaren, Jauna,
nor zaren eta neu nor naizen;
nire bihotzak behar zuena
ai!, zure maitasuna baitzen.

Gaur nago lehen bezain indargabe,
hala naiz, ahula naiz, haurra naiz;
Jauna, dena dezaket, halare,
zure besoen babes alaiz.

Esker on, gorespen, amodio,
nire bihotzaren Jaun ezti;
nire ezinari poza dario,
Zu, Jauna, Zu nire abesti!